Eguberriko oporrak ate joka ditugu eta azken aste hauetan Gabonetan murgiltzeko gogoarekin, ikastetxetik proposamen desberdinak egin dizkiegu gure ikasleei. Batetik, tutore eta ikas-komunitateko irakasleek honako erronka luzatu diete: gelako atea gabonetako apaingarriz atontzea. Irudimena eta originaltasuna baliatu behar izan dute gabon giroa islatzeko. Materialak askotarikoak izan zitezkeen, eta birziklatuak izanda askoz hobe: etxetik ekarritako edo ikasleek egindako lazo, bola, elur maluta, opari, espumilloi, pegatina eta abar luze bat.
Bestetik, Hezkidetza batzordetik, Mari Domingi protagonista den marrazki lehiaketa martxan jarri dute. Helburua, Mari Domingiren irudia erabiliz, ikasleek sormen artistikoa landu eta aldi berean, balore sozialak transmititzea da, besteak beste: berdintasuna eta parekidetasuna, arrazakeriaren kontrako mezuak, kontsumismoaren aurkako jarrera, elkarbizitza eta elkartasuna, eta Euskara eta euskal kulturaren sustapena. Zer baloratuko dugu? Eskuz egindako irudiak izatea, eta teknika edozein dela ere (akuarelak, margoak, collage, errotulagailuak, birziklatutako materiala) originaltasuna lehenetsiko da.
Lan bikainak jaso ditugu eta izugarri eskertzen dizuegu egindako ahalegina eta erakutsitako prestutasuna. Eskerrik asko! Azken erabakia epaimahaikideen eskuetan dago, ostiralean jakingo dugu nortzuk izan diren originalenak, artistikoenak, eta mezua hoberen transmititu dutenak. Zorte on guztioi!
Eta urtea ondo amaitzeko, txokolatada!
DBH2 eta DBH3 Robotikako ikasleen jarduera osagarria.
Tailer honetan, ikasleek logika sustatzeko diseinatutako hiru erronkei heldu zieten euren sormena garatuz. Lehenik, pasahitz sekretu bat deszifratu zuten, pista eta patroi logikoetan oinarrituz; gero, algoritmoen diseinatzaile bihurtu ziren zerrenda komiki bat sortzean; eta, azkenik, LEGO erabili zuten istorio baten protagonistei lagunduko zieten prototipo funtzionalak eraikiz.
Sormena eta pentsatzeko modua eraldatzeko aukera izan zuten!
Batxilergoko bigarren mailako ikasleek Lancor S. Coop. enpresa bisitatu dute Gallartan. Bisitan zehar, ikasleek motor elektrikoen fabrikazio-prozesua eta diseinua gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Jarduerak industria-ingurunearen eta lan-munduaren errealitatea hobeto ulertzen lagundu die.
Ikasleen esanetan, bisita oso aberasgarria izan da.
Aurreko ostiralean hitzaldi interesgarri batez gozatu dugu, non gure ezagutza zabaldu dugun, kuantikako arloa GAIA, @bbk eta @sasoikotarrak-en eskutik. Aldi berean, belaunaldi ezberdinetako jendearekin batera gaiari buruz hausnartu dugu, eta oraingo egoera zein etorkizunean bizi izango dugun egoerari buruz informatu gara. Gainera, kuantikaren aplikazioei buruzko adibideak ere jaso ditugu, era praktikoan hobeto ulertuz. Oso interesgarria izan da!
Aurreko astean Siziliako Scicli herritik 12-13 urteko 8 ikasle eta 2 irakasle bisitatu gaituzte. Oso plangintza parte-hartzailea prestatu dugu haientzat:
Astelehenean, heziketa fisikoko ikasleekin goiza pasatzeaz gain, xaboi eta elektronikako tailerretan parte hartu zuten eta arratsaldean Bizkaiko zubiraino hurbildu ziren.
Asteartean, Guggenheimera eraman genituen eta Bilboko erdigunea ezagutzeko gymkhana prestatu genien.
Asteazkenean, Euskararen egunean murgildu genituen, herri-kirol eta erromerian dantzatuz.
Ostegunean, Plentziarako ibilaldia egin genuen ur-laginketa egiteko.
Ostiralean, alde zaharretik tour baten ondoren, playmobil-eko erakusketa gozatu dute, eta azkenik La Ribera merkatua bisitatu dute.
Eguraldiak ez du lagundu, hotza nagusitu da eta tarteka euria ere egin du baina oso ondo pasatu dute, egunero neka-neka eginda amaitu dute emozioz betetako jardunaldien ondoren.
Agur lagunok, buon viaggio!
Ostiralean, Landako guneak bere ateak ireki zituen eta haraino animatu ziren gure Batxilergoko 1. mailako ikasle guztiak. Goizean goiz trena hartu eta kulturaz gozatzeko irrikitan abiatu ziren gure ikasleak! Programazioa oso anitza da: sinadurak, hitzaldiak, kontzertuak, liburu-aurkezpenak eta tailerrak.
Baina abenduaren 5a, bereziki egun polita da, ikasleentzako jarduera pilloa antolatzen baitituzte: zianotipia tailerra, bideo-mapeaketa lantegia, komiki tailerra, euskal irudigileen ilustrazioak, inprobisazioa, gusto guztientzako jarduerak eta erakusketak.
Euskaraz gozatu eta kultura bizi!
Urtero bezala, Fair Saturday-ko ekimenaren parte den Ei! Bilbao kontzertuan egon gara! Entseguen ondoren, azken kontzertuaren eguna heldu da eta oso ondo pasatu dugu! Gure ahotsak han bildutako beste milaka ikasleren ahotsekin bat egin zuten, eta kontzertua borobil-borobila irten zen!
Euskeraz, ingeles, gaztelaniaz, edozein hizkuntzatan abesteko eta ondo pasatzeko prest gaude!
Pasa den asteazkenean Euskararen Nazioarteko Eguna jai giroan ospatu genuen. Lehenik eta behin, Euskara Batzordeko ikasleek manifestua irakurri zuten "Euskaraz bizi nahi dut" lelopean. Ondoren, euskal kulturarekin lotutako hainbat jardueratan parte hartu zuten; Euskal Kahoot-a, Herri Kirolak eta bingo musikatua. Jolas-orduan, institutuko patioa erromeria ospatzeko jai-gune bihurtu zen, eta ikasmaila bakoitzak euskal dantza bat aurkeztu zuen. Erromeria amaitzeko, denok elkarrekin Txapeloa dantzatu genuen, aparteko giro alaia sortuz.
Jardunaldia San Adrian Institutuko Euskarazko Film Laburren I. Lehiaketarekin amaitu zen. Bertan ikasleek beraiek egindako lanak proiektatu eta baloratu ziren, euskarazko ikus-entzunezko produkzioari eta sormenari protagonismoa emanez.
Parte hartze eta gogo handiz beteriko eguna izan zen, gure ikastetxean euskararen erabilera eta presentzia indartzen jarraitzeko aukera paregabea. Euskaraz bizi nahi dugu, eta bide horretan lanean jarraituko dugu. Eskerrik asko guztioi zuen parte-hartzeagatik!
Urtero bezala, azaroaren 25ean Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatu da San Adrian institutuan. Aurten abesti arrakastatsu batzuen letra sexisten pasarteak identifikatu eta berdintasuna eta errespetua sustatzen dituzten mezu berriekin ordezten saiatu gara. Honen bidez, ikasleek hausnarketa egin dute musikak transmititzen dituen balioen inguruan eta nola erabil daitekeen berdintasunaren aldeko adierazpide gisa. Azken ekoizpena, abesti guztiak biltzen dituen murala izan da.
Joan den azaroaren 20an, UNICEF erakundearen laguntzarekin Haurren Munduko Eguna ospatu zen DBHko lehen mailetan. Aurten, Gazako haurren eskubideen aldarrikapenean zentratu gara, eta ondoko horma-irudia egin dugu, ikastetxeko hallean jarri dena gainerako ikasleek ere gogoeta egin eta haien ekarpenak gehitzeko aukera izan dezaten.
Urriaren 7tik 13ra DBH4. mailako 10 ikaslek Alemaniako Fürstenberg Profilschule ikastetxea bisitatu zuten Erasmus+ proiektuaren barruan. Ekintza ezberdinez osatutako egonaldia izan da non ingelesa egunerokotasunean erabiltzeaz gain, bertakoen ohiturak eta izaera ezagutzeko aukera izan dute.
Hurrengo bi bideo hauetan egun hauetan zehar egindako ekintzen argazkiak eta ikasleek egindako egonaldiaren laburpena ikus dezakezue.
Esperientzia izugarri polita izan da!
Gaur goizean, atsedenaldiaren aurretik, gure ikastetxeko patioan Palestinaren aldeko kontzentrazioa egin dugu. Ekimen honen bidez, Palestinako egungo egoera ikustarazi eta salatu nahi izan dugu, herri horrek bizi duen gatazka eta injustizia gure egunerokotasunean ere presente eginez.
Kontzentrazioan ikasle, irakasle eta langile guztiak batu gara, elkartasun keinu xume baina esanguratsua eginez. Guztion parte-hartzeak argi utzi du gure komunitateak bakearen, justiziaren eta elkartasunaren aldeko konpromisoa.
Ekintza hau "Gure Haurrak Ere Badira" kanpainaren barruan kokatzen da, haur palestinarren sufrimendua ikusarazteko eta euren aldeko elkartasun oihu bateratua egiteko helburuarekin.
Aste honetan gure ikasleek (DBH1 eta 2koek) pankarta egin dute eta gelaz gela hitz batzuk prestatu dituzte Palestinako herriak bizi duen sarraskiak eragiten dien sentimendu eta desioekin. Ikastetxeko patioan batu gara eta ahoz gora partekatu dituzte hezkuntza komunitatearekin.
Irailaren 15etik 18ra DBH 2.mailako ikasleak Barriako eta Hondarribiako Euskal Girotze Barnetegietan egon ziren.
Giro euskaldun batean hainbat ekintzetaz gozatzeko aukera izan zuten, besteak beste, txirrindularitza eta skate. Gainera, egun hauetan naturarekin harremanetan egoteko, hondartzan bainatzeko edo itsasontzian bueltatxo bat emateko aukera izan dute.
Izugarrizko esperientzia izan da!
Ekainaren 18 eta 19an, DBH1ko ikasleek irteera bat egin zuten Errekaldeko Iturrigorri parkera. Egunean hauetan zehar, ikasleek irakasleek antolatutako hainbat jolasetan parte hartu zuten, haien arteko harremanak indartuz eta ikasgelatik kanpo denbora atsegina elkarrekin pasatuz.
San Adrian Institutuko DBH 1Bko ikasleak elkarlanean arituko dira Conde Aresti egoitzarekin 6 hilabetez. Horretarako, gure ikasleek hainbat jardura ezberdin (kantak, mahai eta memoria jolasak, elkarrizketak, eskulanak…) prestatu dituzte gelan geroago egoitzarara eramateko eta bertako adin nagusiko pertsonekin batera gauzatzeko.
Ostegunean, eguzkia eta bero eguna aprobetxatuz, DBH 4. mailako ikasle guztiak Sopelako hondartzara joan ziren Surf egitera. Batzuentzat lehen aldia izan zen, beste batzuk agian lehenago ere igoko ziren taula batera, baina ziur denek eskertu zutela hondartzan egun bat elkarrekin igarotzea. Eta bat baino gehiago, urteko lehen bainua hartuko zuen!
Hurrengo ikasturtean, 2025-26an, Erasmus+ proiektuarekin jarraituko dugu eta gure ikasleek atzerrira bidaiatzeko aukera izango dute. Izena eman duten guztiek elkartrukea egiteko aukera izango dute, batzuk Italiara eta besteak Alemaniara joango dira!
Dagoeneko badakigu zeintzuk joango diren urrian Alemaniara, ZORIONAK!!
Aimar N.
Iker C.
Manu A.
Uxue G.
June L.
Aiara A.
Ariane F.
Chloe F.
Tudor I.
Zoe S.
Hurrengo astean, apirilaren 7tik 10era Erasmus+ proiektuko gure bazkideak gure artean izango ditugu. Alemaniako Profilschule Fürstenberg ikastetxetik datozkigu 10 ikasle eta 3 irakasle. Gure Erasmus+ taldeko ikasleek, alemaniarrekin batera, hainbat jardueratan parte hartuko dute goiz zein arratsaldeetan. Dena prest dago euren etorrerarako eta irrikitan gaude elkar ezagutzeko!
Eskerrik asko egindako lan guztiagatik datorren astekoa apartekoa izateko!
Otsailaren 24an eta 25ean Mintegiek antolatutako ekintza eta tailer ezberdinetaz gozatzeko aukera izan zuten ikasleek.
DBH 4.mailako Kultura Zientifikoko ikasleek Konstelazioen inguruko tailer bat antolatu zuten DBH 1.mailako ikasleentzat. Batxilergoko lehenengo mailako Laborategi Tekniketako ikasleek berriz, praktika batzuk antolatu zituzten DBH 2.mailako ikasleentzat.
Bestetik, DBH 1.mailako ikasleek taloak egiten ikasi zuten eta DBH 3.mailako ikasleek ukelelea jotzen ikasteko ordubeteko tailerra izan zuten.
Aipatutako ekintza hauek bi egun horietan izandako gutxi batzuk besterik ez dira.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!
Otsailaren 3tik otsailaren 7ra bitarteko astean, institutuko DBHko 2. mailako ikasleek ingelesezko murgiltze esperientzia batean parte hartu zuten, bi aterpetxetan antolatuta: Nafarroako Zuastin eta Arabako Langraiz Okan. Jarduera honen helburua ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzea izan zen, programa dinamiko eta praktiko baten bidez, ingelesez.
Ikasleek tailer interaktiboetan, talde-jokoetan eta kultura-jardueretan parte hartu zuten, ingelesez. Jarduera hauen bidez, ikasleek ingelesa indartzeaz gain, herrialde anglofonoetako kultura eta ohiturei buruz ikasi zuten.
Murgiltze-egonaldi linguistikoa esperientzia hezitzaile eta sozialki aberasgarria izan zen, eta ikasleei aukera eman zien, ingeles-maila hobetzeaz gain, jarduera dibertigarriez gozatzeko eta beren ikaskideekin loturak eratzeko ingurune erlaxatu eta estimulagarri batean. Horrelako esperientziek hizkuntzaren ikaskuntza indartzen dute eta ikasleen garapen integrala bultzatzen dute.
LANGRAIZ OKA (ARABA)
ZUASTI (NAFARROA)
Pasadan ostiralean, abenduaren 10ean, batxilergoko bigarren mailako zientifiko-teknologikoko ikasleek Bergarako Laboratorium Zientzia Museora bisita egin zuten. Bertan, Bergarako Errekalde Jauregiko Zientzia Museoari egindako bisitan, Jauregiak azkenengo mendeetan izandako bilakaerari buruzko informazioa jaso zuten ikasleek.
Museoa bisitatu ostean, transgenikoen inguruko tailer bat egin zuten. Tailer horretan, A edo B motako giza gen bat marmokaren GFP gen batekin elkartzeko prozesu osoa egin zuten. Modu honetan, sortutako giza zelula transgeniko horren azterketa egin ahal izan zuten fluoreszentziako mikroskopio baten laguntzarekin.
Gorputz Hezkuntzako mintegiak antolatutako Ping-Pong txapelketaren irabazle suertatu da Alain.
Zorionak!